XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. MERKATAL IHARDUERAREN EGITURA.

Merkataritza: produkzioaren arazo nagusia.

Orain arte produkzio-iharduerak aztertu ditugu: nekazaritza, ganaderitza, arrantza eta industria.

Iharduera guzti horietan gizartean saltzeko eta kontsumitzeko zerbait produzitzen da.

Hots, produkzio-prozesua kontsumo eta salmentara bideratuta dago.

Merkatal iharduerak, produzitzen diren gauzak erosleari saldu bitarteko prozesu guztia hartzen du.

Salmentek erabateko garrantzia dute, izan ere, erosleak bait dira produkzio-prozesuko kostu guztiak ordaintzen dituztenak.

Eskema honako hau da: LEHENGAIAK / PRODUKZIO PROZESUA / KOMERTZIALPEN PROZESUA / SALMENTA-KONTSUMOA.

Komertzialpen prozesua.

Eskaintza-eskarien legea: Bizitzarako gauza beharrezkoenak dira mundu guztiak erosi nahi dituenak, hau da, merkatuan eskari handiena dutenak.

Produktu horiek ogia, esnea, jantziak, etxebizitzak, eta abar dira.

Produktuak premia horiei, merkatuko eskari horiei erantzuteko egin eta eskaintzen dira.

Baina gerta daiteke produktu landu gutxi izatea eta horregatik eskari guztiak ezin ase izatea.

Eta kontrakoa ere gerta daiteke; hau da, eskaintzak produktu baten eskariak baino askoz ere ugariagoak izatea.

Merkataritza eskaintza-eskarien legearen arabera zuzentzen da.

Merkatuan produktuak eskariak baino askoz ere ugariagoak badira eta, batik bat, konkurrentzia handia bada, orduan salneurriak jaitsi egingo dira, merketu.

Baina eskaintzen diren produktuak eskariak baino askoz ere gutxiago badira, orduan salneurriak igo egingo dira, garestiagotu; produktuek konkurrentziarik ez dutenez, erraz salduko bait dira.